Nahi baduzu, gurekin, euskaraz !!!
Molden, 2019ko abenduaren 12an.
Nahi baduzu, gurekin euskaraz!
BIKAIN da Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofiziala, publikoa eta doakoa. Esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen du. Izen ofiziala hauxe da: BIKAIN, Euskararen Kalitate Ziurtagiria.
Molderentzat bezeroak erdigunean daude, eta euren hizkuntz hautua serios hartzen dugu. Horregatik, urteak daramatzagu hobetzeko prozesu batean, eta zerbitzurik onena emateko asmoarekin, euskara eguneroko lanarekin uztartu nahi dugu. Hori dela eta, Euskalit-eko (Kalitaterako Euskal Erakundea) aditu talde batek ebaluatu du gure erakundea euskarazko arretaren gainean gogoeta egin dezagun; horrela, indarguneak eta ahuleziak identifikatu ez ezik, zer hobetuak ere agerian utzi dizkigu aipaturiko ebaluazioak.
Emaitzari dagokionez, azken aitortzaren mailari (Urrezkoa, 2014 urtean) eutsi diogu eta, hori gutxi ez, jaso dugun puntuazioa aurrekoa baino nabarmen altuagoa izan da.
Saria hizpide hartuta, animatu nahi zaituztegu zuen nabigatzailea euskaraz konfigura dezazuen, eta "Molde Lanerako Babesa" ren webgunean sartu eta sare sozialetan barna nabigatzeko. Horrekin batera, bezeroarekiko ibilbide guztia euskara hutsean egin dezakezuela esan nahi dizuegu, baliabide guztiak berariaz prestaturik baititugu.
Izan ere, gure txikian alor sozioekonomikoan eragin nahi genuke, euskarak esparru berriak irabaz ditzan.
Oso gustukoa dugu zurekin, zure enpresarekin, Euskal Herriko udalekin eta hornitzaileekin euskaraz lan egitea. Moldek euskaldunontzako elkargune bat izan nahi du, non "belarri-prest" eta "aho-bizi" guztientzat "Arigune" izango garen, Euskaraldiak darabilen hitzak erabilita. Horrenbestez, gogo biziz esaten dizuegu: "Nahi baduzu, gurekin euskaraz". Guk euskaraz bizi nahi dugu-eta.
Goiko irudia: saritutako 25 enpresen eta entitateen ordezkariak.
Iturria:www.irekia.euskadi.eus/eu/news/59171-enpresa-eta-entitatek-jaso-dute-aurten-bikain-euskararen-kalitate-ziurtagiria-bingen-zupiria-kultura-eta-hizkuntza-politikako-sailburuaren-eskutik